XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.1. SARRERA.

Zinematika hitza berria duzu? Ez al duzu behin ere entzun zinema hitza edota zinea? Zinea ez al da, ba higitzen fisikoki mugitzen diren argazki-bilduma? Horixe da hain zuzen zinematika: higidura aztertzen duen zientzia.

Baina, zer da higidura? Ortzeari begiratzen badiozu, berehala konturatzen zara hegazkinak, txoriak, eguzkia etab. higitzen ari direla, hau da, lehen eta orain duten posizioak aldatu egin dituztela; posizio-aldaketa gertatu dela denboran zehar, alegia.

Hala ere ez pentsa higidura definitzea hain erraza denik.

Bestela, irakur ezazu Higidura, aspaldiko arazoa izenburutzat duen atzeko irakurgaia.

Konturatuko zarenez 20 mende igaro zuen gizakiak eguzkia eta planeten higidura zehazteko.

Nork zuen arrazoi, Aristotelesek ala Galileok? Ala biok? Zergatik?.

Ziur aski, dagoeneko konturatu zara higidura erlatiboa dela, hau da beharrezko dugula zerbaitekikoren bat higidura definitzeko.

Fisikan, erreferentzi sistema bat behar dela esaten da.

Ikasgelan eserita bazaude, ongi al deritzozu geldirik zaudela esateari? Egia ote hori? Zergatik?.

Beti beharrezko dugu erreferentzi sistema bat: zerbaitekiko bat behar dugu geldirik gaudela ala higitzen ari garela esateko.

Ez dago higidura absoluturik.

Edota, ez al zaizu behin ere gertatu trenean zaudela eta geltokian paraleloki beste tren bat ikusita mugitzen ari den trena zurea ala bestea den ez jakitea? Zer egiten duzu hori jakiteko? Beraz, zein da kasu honetan erreferentzi sistema?.

2.2. HIGIKARI BATEN POSIZIO-BEKTOREA, IBILBIDEA ETA DESPLAZAMENDU-BEKTOREA.

Esan dugunez, higidura eta pausagunea gauza erlatiboak dira.

Adibide batez azalduko dugu hau.

Demagun autobusean goazela, Bilbotik Donostiarantz.